XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Noiz-noiz, beste herri bateko baserri eta tokizenak lekutik kanpo azal daitezke eskrituretan; guk, batzutan, jaso egin ditugu; horren arrazoina tokizen horiek beste batzuen mugakide (confinante) direlakoa da.

Berdin gertatzen da jabe batek lurrak herritik kanpo alboko udalerrian dituenean.

5.- Alderdi filologikoak Toponimia guretzat, batez ere, fenomeno linguistikoa izaki, kontutan hartzekoak dira tokizenetan ematen diren fonetika, lexiko eta dialektologiazko aldeak.

Beraz, euskarak gure probintzian eduki duen biziaren adierazpen gardena lortzeko ezer gutxi toponimia bezalakorik.

Hona hizkuntzaren arloan dugun aspektu zenbait: a) Lexikoa. Oikonimo, fitonimo, hidronimo, oronimo edo beste edozein izenen azpian altxor lexikal handia aurkitzen da.

Urbanizazioak belaunaldi gazteei ahaztarazi dien landare, zuhaitz eta gainbehera topografikoren izen arkaiko asko toponimian freskotasun harrigarriz azaltzen da.

Lexiko ugari eta zahar horren konstatapena egitea komenigarria da, gure hizkuntzaren baliabideak argitan ezartzeko.

Liburuaren azpi-oharretan lexikologia eta fonetikari buruzko argibide asko eskaintzen da.

b) Euskalkien edo dialektoen aldakiak (variantes). Gipuzkoako probintzian, jakina denez, euskalki eta subeuskalki (subdialecto) moeta bereziak ematen dira; mendebalean bizkaieraren barianteak (Bergara, Arrasate, Eibar, etab.); erdialdean Azpeiti, Goierri eta Kostaldeko euskararen aldakiak, eta ekialdean goinafarrerenak (Irun, Oiartzun, Ondarribi, etab.).

Toponimian azaltzen den andi/aundi, soro/solo, berri/barri, onuzko/emetiko bikoiztura asko tipologia horretakoa da.

Hori dela-eta, eskritura zaharretatik jasotako bariante guztiak ia aldaketarik gabe argitaratzen ditugu, behar diren ukitu ortografikoak, soilik, eginez (Iraola, Igarola, Idaola, Iola, Ubaran / Ugaran / Udaran / Uaran).

Honela, toponimia baliabide egoki eta aberatsa gertatzen da gure Atlas Linguistikoa jasotzeko mementoan.